Lanbideren kolokazio-agentzia gisa inskribatuta dago, eta laneko bitartekaritzan esperientzia zabala duen eta erakundeentzat interesgarriak izan daitezkeen LHko zikloetan prestakuntza jaso duen edo jasotzen ari den talentuaren profilak, tresnak eta erakarpen-prozesuak ondo ezagutzen dituen talde batek osatzen du. Langileak bilatzeko eta hautatzeko orientazioa eta laguntza ematen diete enpresei, hala ohiko kontratazioetan, nola lan-mundura sartzeko programekin (Lehen Aukera) eta lantokiko prestakuntzarekin (Txandakako LH Duala) zerikusia duten kontratazioetan.
Gainera, LHko ikasle eta ikasle ohiei beren profil profesionala apurka-apurka garatzen doazen gaitasun tekniko eta zeharkakoen arabera sortzeko aukera ematen dien enplegu-poltsa bat du IkasEnpleguk, eta profil hori eguneratzen joan daiteke interesdunak bere garapen pertsonalean eta laneko esperientzian aurrera egin ahala. Ez hori bakarrik: enplegu bila dabiltzanek aukera dute beren burua lan-poltsan aktibo dauden eskaintzetarako hautagai gisa aurkezteko.
EAEko Lanbide Heziketako edozein ikastetxetako ikasle eta ikasle ohientzako enplegu-poltsa da.
IkasEnplegun izena emanda daudenek doako aholkularitza-zerbitzua eska dezakete, hala lan-merkatuan sartzeko, nola beren ibilbide profesionalaren norabidea aldatzeko.
Bestalde, IkasEnpleguk doako aholkularitza-zerbitzu pertsonalizatua ematen die enplegu-poltsan izena emanda daudenei; zehazki, profil profesional zehatz bat betetzera eramango dituzten prestakuntza-ibilbideak eta enplegagarritasun handiena duten lan-arloak identifikatzen laguntzen die. LHko ikasle edo titulatu guztiek eman dezakete izena IkasEnplegun; berdin dio ikasketak Bizkaiko Ikaslan sarean edo EAEko beste ikastetxeren batean egin izana. Halaber, helburua lan-merkatuan sartzea edo norberaren ibilbide profesionalari norabide-aldaketa bat egin nahi izatea izan daiteke. Are gehiago, lan-poltsan izena emanda daudenen % 35 lanean dago, % 46 langabezian eta % 19 ikasten.
Azken hilabeteotan, enpresek gehien eskatu dituzten profilak administrazioaren, osasungintzaren, mantentze-lanen eta fabrikazio mekanikoaren arloetakoak izan dira.